XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Behintzat, niri gertatu zitzaidana zuri gerta ez bekizun balioko zutela pentsatzen nuen.

Eta gizatxar hori besterik izan ez ba naiz, zuk zer paper jokatu duzu nere bizitzan? Ba, zugatik lortu dut edaria uztea (osasunean bere aztarnak gelditu ba zaizkit ere), eta baita norbere-nahikotasun hori ere.

Beste froga bat nahi baduzu, zergaitik edo norengatik uste duzu berritu nuela nire etxetxoa? Zugatik, batez ere.

Lur jota nengoen, baina errauts hoien gainean bizitza berri bat jasotzea lortu dut... zuri esker.

Norbaiti hori axola zaiola jakiteak, indarra eman dit aldatzeko.

Hargatik, zuk ezagutu duzuna beste Joxe bat izan da, Joxe berri bat.

Lehenbizikotik, adiskide egin ginenetik, zuri ez hutsegiteko, desilusionatu ez zitezen, gizon on bat bezala agertzen saiatu nintzen.

Eta, denborarekin, posible zela konturatu nintzen.

Horrela ikasi nuen.

Gainera, orduan arrazoi bat neukan edaria uzteko, eta bizitzeko ere bai.

Hargatik, neure bizitza konpontzeaz gainera, zuri nekien apurra erakusten ahalegindu naiz.

Zuk, uste ez duzun arren, asko erakutsi didazu, eta nik ere, bizitzari ikasi diodana azaldu nahi izan dizut.

Azkenik esan nahi nizukena da, nere bizitzan alai baino goibel denbora gehiagoan bizi izan naizen arren, pozik hiltzen naizela.

Pozik bizi izan dut nere bizitzaren azken zati hau, eta neronekin eta Jainkoarekin pakeak egin ditut.

Bere errukian uste osoa jarriaz hiltzen naiz.

Oraingoz nahiko mesede eskatu diot, baina zugaitik eskatzeko ere bilatuko dut une aproposa.

Orain, bukatzeko, bakar-bakarrik gauza bat nahi nuke: zuk, ezagutu zenduen Joxe hura bezala gogora nazazula.

Zure adiskide, Joxe.

Karta hau irakurri ondoren ere, ezin dut ahaztu ekarri dizkiodan gauza guztiak ezingo dituela hartu, baina hala ere gustora gelditzen naiz, bere bizitza ezagutu... eta pozik hil dela jakin ondoren.